Berriak

Leyre Veras Preciado: “Norberaren erantzukizuna da lortu nahi duena lortzeko ahalegintzea”

2017 / 06 / 30

leyre_veras_preciado

Gaur jaso du Leyrek Batxilergoko Sari Nazionala eta berarekin hitz egiteko aprobetxatu dugu. Zorionak!

Batxilergoko Sari Nazionala eskuan, zer sentitzen duzu?
Oraindik kostata sinesten dut saria jaso dudala; azterketa nazionaletik atera nintzenean ez nuen uste aprobatuko nuenik ere, hiru frogak oso gaizki atera zitzaizkidala pentsatzen nuen… Saritu probisionalak atera zirenean nire izena hor ikustean akats bat zegoela etorri zitzaidan burura eta, egia esan, ez nuen guztiz sinetsi behin betiko zerrenda ikusi arte, nahiz eta ingurukoek probisionala ikusi izanagatik ziur egon saritua izango nintzela.

Hala ere, ez da jasotzen duzun lehen saria, izan ere Eusko Jaurlaritzaren aitortza ere jaso zenuen iaz. Nola jaso zenuen albistea? Nola sentitu zinen?
Ez nago ziur behin betiko zerrenda atera zenean non negoen, baina azterketaren emaitzak jaso nituen eguna oso ondo gogoratzen dut bi arrazoiengatik: nire 18. urtebetetzea zen eta Mallorcan geunden, gure kurtso bukaerako bidaian. Noski, ez negoen ziur saria emango zidatela, baina emaitzak oso onak zirela banekien.

Zein izan da iritsi zaren lekura iristeko zure sekretua?

Egia esan, ez dut uste faktore bakarra jokoan dagoenik. Topikoa bada ere, lan gogorra egin izanak garrantzia izan du Euskadiko saria irabazteko; sari horretan Batxilergoan egindako lan guztiak berebiziko eragina du. Nolanahi ere, zoria eta zortea ere sartu behar ditugu faktoreetan, azterketan ateratako gaiak zure gustukoak edo zuk ikasitakoak, nazionalaren kasuan, izatea. Euskadiko azterketan, adibidez, nirekin azterketa egin zuten askok Ingeleseko azterketako galderaren hitz baten esanahia ez zekiten, eta galderaren gakoa hitz horretan zegoen. Horretarako, ezin zara aurretik prestatu.

Bestetik, estrategiarekin jokatzea ere garrantzitsua da; den-dena bikain jakitea ezinezkoa da, beraz, hobe da zure burua zerbaitetan zentratzea, guzti-guztia hartzea baino. Askotan, faktore honek zortearekin lotura estua du. Esate baterako, azterketa Nazionala prestatzeko denbora gutxi izan nuen Unibertsitatearekin oso lanpetuta negoelako, baina Historiako frogan zorte ona izan nuen, estrategiak funtzionatu zuen: Historiako apunteetan Espainia mailan orain dela ehun urteetako (1916-7) gertakariren bati buruz ikasi nuen bereziki: 1916ko Greba orokorrak eta langile mugimendua. Azterketan hori galdetu ziguten!

Azkenik, nire ingurukoek ere eragin handia izan dute niregan. Gurasoen eta lagunen laguntza eta babesari esker iritsi naiz bi sariak irabaztera; izan ere, haiek “behartu” zidaten Sari Nazionalean parte hartzera, lortu nezakela pentsatu izan dute beti.

Jaso dituzun aipamenek zertan lagundu dizutela esango zenuke?

Nire ahalmenetan segurtasuna izaten lagundu didate. Esan bezala, sari hauetarako ez naiz bereziki prestatu, baizik eta “etxetik” nekarrenarekin egin nituen bi azterketak.

Une honetan zertan zabiltza?
Nire unibertsitateko lehen urtea bukatu berri dut. Literatura ikasten nabil University of Warwick-en, Erresuma Batuan. Betidanik literatura maite izan dut, baina Espainian, literatura ikasi nahi baduzu gertuena Filologia bat ikastea da, baina niretzako linguistikaren alderdia ez zen interesgarriena eta Erresuma Batuan, berriz, bi esparruak bi karrera ezberdinetan zatituta daude.

Etorkizunari begira, zer duzu buruan? Zer egitea gustatuko litzaizuke?
Erresuma Batuan unibertsitateak hiru urte soilik irauten du, lau atzerrian urte bat egin nahi baduzu, Erasmus edo delako programa batekin; nik azken hori egitea espero dut. Unibertsitatea bukatu ostean, liburu edo tankerako argitaletxe batean lan egitea gustatuko litzaidake.

Atzera begira, nola bizi izan duzu zure ikasle etapa ikastetxean?
Oso oroipen onak ditudala iruditzen zait; nire lagun onenak bertan egin ditut, betirako izango direnak. Nahiz eta momentu batzuetan ikasketak estresanteak izan, orokorrean nire sentimenduak positiboak dira.

Zertan lagundu dizu ikastetxeak ikasle eta pertsona gisa hezten? Zer azpimarratuko zenuke?
Dudarik gabe, eskolan zabaltzen dituzten baloreak azpimarratuko nituzte; hainbeste urte horrelako baloreak landu ostean azkenean barneratzen dituzu ezinbestez.

Sari hauek eskuratzeko ikastetxeak zerikusirik izan duela uste al duzu?
Nire familia eta lagunez gain, zalantzarik gabe ikastetxea faktore handia izan da saria lortzeko bidean. Azterketak bertan ikasitakoan oinarrituz egin ditut! Halaber, nire irakasleen laguntza eta babesa funtsezkoa izan da, bai moralki bai azterketak prestatzerako orduan.

Aholkurik ikastetxean dauden ikasleei?
Nahi dutenaren alde borrokatu dezatela esango nieke; ez utzi inori zuen bizitzaren gainean erabakitzen, ondo dago zure familiaren eta irakasleen aholkuak hartzea, baina funtsean norberak hartu behar ditu erabakiak. Halaber, zerbait nahi baduzu lortzeko lan egin, zure erantzukizuna da hori lortzeko ahalegina egitea; beste inork ez du zuregatik egingo.