Hitzaldia: Ondo hezteko dekalogoa

Haur Hezkuntzako etapa momentu esanguratsua da pertsonen garapen eta hezkuntza prozesuan. Familia guztiek hoberena nahi dugu gure seme-alabentzat, zoriontsu eta osasuntsu heztea nahi dugu, baina batzuetan hezkuntzaren erronka ez da erraza izaten. Prozesu honetan zalantzak izatea normala da. Zenbaitetan erreminta edota estrategia zehatzen falta sentitu dezakegu, hezkuntza prozesu zoragarri baino zail honetan bidelagun izan daitezkeen tresnak. “Ongi egiten ari al gara?” galderari erantzuten lagunduko digutenak. 

Jesuitak Donostian ikasketa prozesua familia eta hezitzaileen arteko elkarlana dela sinisten dugu, eta horregatik, familiak gure aliatu perfektuak izan daitezen nahi dugu, bidelagun izatea. Elkarrekin lan eginez lortuko baitugu gure ikasleen bertsiorik hoberena indartu eta garatzea. 

Ondorioz, bi hitzaldi antolatu ditugu Haur Hezkuntzako familiei zuzenduta. Leyre Acuriolak, ikastetxeko psikologoak, gidatuta, saioen helburua ondo hezteko pauta eta aholkuak ematea izango da. 

Saioen egunak ondorengoak izango dira. 

  • Urtarrilaren 26a: 2 urteko eta 3 urteko (HH1) familientzat. 
  • Otsailaren 2a: 4 eta 5 urteko (HH2 -HH3) familientzat. 

Saioak 16:30etan izango dira eta haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Bertara joateko izen-ematea ezinbestekoa izango da, jarraian duzuen estekan egin daiteke. 

Jesuitak Donostiatik aukera hau aprobetxatzera gonbidatu nahi zaituztegu, Leyre Acuriolaren esperientzia eta ezagutzei esker ikasten jarraitzeko. 

Argazkia Andrea Piacquadio

Kolonbiara bidaiatu dugu ikastetxeetako aniztasunaren trataeraren inguruan ikertzera

Eraldatzeko eraldatzea eta ikastetxea irekitzea izan dira gure zuzendaritza taldeko zati handi bat Kolonbiara bidaiatzera eraman dituzten bi ildo estrategiko nagusiak, Julio Fontanen Learning One to One metodoa lehen eskutik ezagutzeko asmoz. Julio Fontán gure ikastetxeko eredu pedagogikoa ezatzera etorri zen, eta orain guk izan dugu bertan nola lan egiten duten ezagutzeko aukera.

Learning One to One, Fontán ikastetxeetan ezarrita dagoen FRE (Fontán Hezkuntza Erlazionala) eredu pedagogikoan oinarritzen da, besteak beste ikasleak adinaren arabera taldekatu beharrean, autonomia mailaren arabera taldekatzen dituen ereduan, alegia. Eredu berritzaile honek heziketa pertsonalizatua bultzatzen du, ikasleei alternatiba eta irtenbide ezberdinen bilaketa gaitasuna garatzeko aukera emanaz eta euren komunitateak aurrera egiteko helburuarekin hartu beharreko erabakietan protagonismoa emanaz.

Gaur egun, Julio Fontán (Medellín, 1957), Fontán ikastetxeen sortzaileen semea dena, da ikastetxe kate honen zuzendaria. Bere gurasoak, psikologoa aita eta filologoa ama, heziketaren zale amorratuak ziren eta haur bakoitzak bere ikasketa erritmoak dituela sinesten zuten. Hori dela eta, beren semea Julio jaio zen urte berean Centro Psicotécnico de Medellín irekitzea erabaki zuten. Bideo honetan zehaztasun gehiagorekin azaltzen da Fontán ikastetxeetan jarraitzen duten metodologia.

Gaurtik hasi eta ostiralera arte, gure ordezkariak FRE metodologiaren inguruko hitzaldi eta tailer ezberdinetan parte hartuko dute.
ona

TBL metodologian irakasleak ikasle

Ikastetxeko 50 hezitzaile TBL (Thinking Based Learning) formakuntzan murgildurik daude jada. Orain 5 hezitzailek hasiko dute metodologia honetan prestatzaile edo Coach izateko prozesua.

Thinking Based Learning metodologian trebatzeko prozesua iaz hasi genuen Jesuitak Donostian. 25 hezitzailek dagoeneko prozesua amaitu dute eta jada 25 hezitzailez osatutako 2. taldeak ekin dio formakuntzari.
Orain ikastetxean apustu berri bat egin dugu, izan ere, otsailaren azken astean, ikastetxeko 5 hezitzailek hasiko dute Thinking Based Learning metodologian Coach izateko trebakuntza. Urrats berri honen helburua, metodologia ikastetxe osoan ezartzeko bideari jarraitzea da, pixkanaka- pixkana hezitzaile talde osoa tresna berri honetan trebatuz, hau da, eraldatzeko eraldatuz.

Baina, zer da Thinking Based Learning metodologia? Regina Aricetak, ikastetxeko proiektu arduradunak, bideo honetan azaltzen ditu TBL-aren nondik norakoak.

 

Nolakoa izango da hezkuntza 2050. urtean?

Odisea kateak gaur botako du gure ikastetxean grabatutako “Etorkizuneko Ikastetxeak” dokumentala. Saio hau Planete+ kate frantsesak ekoiztutako Rêver le futur (Etorkizuna Amestu) programaren kapitulu bat da.


Etorkizuneko ikastetxeen inguruko hausnarketa sustatzea helburu duen kapitulu honetan, hezkuntza-berrikuntzaren alorrean erreferente diren hainbat pertsona agertzen dira, besteak beste, Ken Robinson, Sugata Mitra edo Matthieu Ricard (Dalai Lama-ren bozeramailea). Era berean, Stanfordeko Unibertsitateak eta City of London School ikastetxeak ere parte hartu dute dokumentalean.

Amaia Arzamendi: “Dokumentalean agertzea sorpresa bat izan da; eta gainera, hezkuntzaren munduan onenak direnengandik hurbil egoteko aukera bat ere bai, ikasten eta hobetzen jarraitzeko aukera, alegia”.

Dokumentalean agertzen diren testigantzek diotenaren arabera, etorkizuneko eredu pedagogikoan ikaslea izango da bere ikasketa prozesuaren protagonista. Eredu berri honek nahitaez bultzatzen du irakaslearen rolaren eraldaketa. Ken Robinsonen hitzetan, “hezitzaile on batek badaki ikasketa on bat bermatzeko argibideak ematea beharrezkoa dela. Hala ere, honekin batera, kontuan izan behar du umeei kuriositatea pizten, helburuak ezartzen, enigmak planteatzen, ikasleak deskubritzera sustatzen, batak bestearengandik ikasten, jakintzak eta ideak partekatzen eta euren irtenbide propioak asmatzen irakatsi behar diela”.

Matthieu Ricard-en, Dalai Lamaren bozeramailearen iritziz, “hezkuntza ez da ontzi bat betetzea; hezkuntza sugarra piztea da. Haurrak euren existentziarako grinez betetzea da, euren erronkak bete eta lortzera bultzatzea, alegia”.

Gure ikastetxeak dokumentalean izan duen parte-hartzea, 2010ean martxan jarri genuen proiektu teknologikoari eta, gaur egun, ikastetxean gauzatzen ari garen eraldaketari estuki lotuta dago.

Amaia Arzamendi: “Dokumental honetan agertzea ‘Jesuitak Donostia’ proiektuan lanean jarraitzeko ilusio txutea da. Gure erronka XX. mendeko irakaskuntza-zentru bat izatetik XXI. mendeko ikasketa-zentru bat izatera iristea da. Modu honetan bakarrik bermatuko dugu gure ikasleen gaitasuna mundu hobeago bat eraikitzeko; bidezkoagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa eta bihozberagoa.”
Dokumentalaren emisioa: egunak eta nola ikusi[/dtitulo

  • Asteartea, 29/11/2016 20:38
  • Asteazkena, 14/12/2016 18:59
  • Asteazkena, 21/12/2016 13:01

Non ikusi:

  • Movistar+
  • Vodafone TV
  • Orange TV
  • Euskaltel