Afari solidarioa sendotu egin da

*Iazko afari solidarioaren argazkia

Hirugarren urtez Batxilergoko ikasleek gabon-gaueko afari berezi bat partekatuko dute kalean bizi diren pertsonekin.

Proiektu hau, gaur egun finkatuta dagoen abenturan murgildu ziren ikasleen ekimenari esker sortu zen.

Batxilergoko lehenengo mailako ikasle batzuen ideia zoro eta alaitik, gure ikastetxeko ekimenik ezagunenetako bat jaio zen. Abiapuntua honakoa izan zen… Zergatik ez dugu kalean bizi diren pertsonentzako afari bat antolatzen beraiek ere Gabonez goza dezaten laguntzeko? Emaitza: aurten ekimenak 3 urte beteko ditu eta usadio bihurtzeko bidean doa.

Ideia sustatu zuten ikasleen irrika eta inplikazioari esker, lehenengo urtean afari solidarioa arrakasta bat izan zen. Lehenik eta behin, maila guztia mugiarazi zuten eta gero, ikastetxe osoa: zuzendariarekin hitz egin zuten jangela utz ziezaioten, Caritas eta Loiola-Etxea bezalako erakundeekin kontaktuan jarri ziren, APYMA-rekin hitz egin zuten eta afaria erosteko dirua bildu zuten.

Esperientzia ahaztezina izan zen; ez zuten inolaz ere espero laguntza eskaintzeko asmoz sortutako ekimenak beraiek hainbeste aberastuko zituztenik. Pertsona ezberdinekin solasean aritzeko, hauek ezagutzeko eta beraien istorioak gertutik entzuteko aukera izan zen, errealitatearekin konektatuz eta inguratzen gaituen munduaz kontziente bilakatuz.

Hurrengo ikasturtean, ikasle talde berak, orduan Batxilergoko bigarren mailako ikasleak izanik, esperientzia errepikatzea erabaki zuen. Jada proiektua garatzeko ibilbide-orria ezaguna zen beraientzat eta ondorioz, antolakuntza errazagoa izan zen, eta beste behin, oso esperientzia baikorra.

Aurten, Batxilergoko bigarren mailan dauden ikasleek testigua hartu dute eta duela hiru urte hasitako, eta egun ikastetxeko ohituren parte den, ekimen solidarioari jarraipena emateaz arduratuko dira.

Zita gaur izango da. Gazteek Gabonetako oporrak alde batera utziko dituzte egun batez taldean lan egin eta beraien alderdi solidarioena erakusteko. Afari solidarioa bizikidetza lantzeko aukera bat da eta baita mahaia, algarak eta ikaskuntza partekatzeko aukera ere guztiak berdinak diren inguru batean.

Jarraian ekimen honen sortzaile izandako hainbat ikasleri egindako elkarrizketa ikusi dezakezue. Mila esker Maria, Nerea eta Aitana zuen esperientzia gurekin partekatzeagatik!

Jesuitak Donostia, Afari solidarioa from Jesuitak Donostia Ikastetxea on Vimeo.

Gabonetako programa berezia

Zein azkar pasa den 2016a. Abendu garai honetan, dagoeneko gainean ditugun Gabonak prestatzen ari gara. Xede honekin, ikastetxean, urtero bezala, ekimen ugari antolatu ditugu ikasleekin, familiekin eta Jesuitak Donostiaren parte zareten guztiekin ospatzeko.

Aste honetan zehar, abenduaren 12tik 16ra, 2 urteko ikasleak, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak nobiziadoan eskuz eginiko jaiotza ikustera joango dira. Tradizionala den jaiotza honek bisitari ugari izango ditu, izan ere, ikasleez gain, hezitzaileei ere gonbidapena luzatu zaie jaiotza ikustera joateko, abenduaren 14ean arratsaldeko 17:30etan. Abenduaren 16an, arratsaldeko 17:00etan HH2ko ikasleek gabonetako jaialdia ospatuko dute.

Abenduaren 19rako, 2. Batxilergoko ikasle talde batek jaiotzaren antzerkia prestatuko du Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikasleei antzezteko eta 2 urteko ikasleek Erregeen bisita jasoko dute. Gainera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek abenduaren 20an Olentzeroren bisita jasoko dute! Abenduaren 20a klaseko azken eguna izango eta ohiko Santo Tomas eguneko txistorradarekin ospatuko dute ikasleek.
Abenduaren 22an Jesuitak Donostiako Gabonetako Txapelketaren XXI. edizioa ospatuko da. Bertan Santa Teresa, Mary Word, San Luis La Salle eta SUMMA Aldapetako ikasleek hartuko dute parte futbola, saskibaloia eta areto futbola kiroletan.

Eukaristia bereziak ere egingo dira egunotan. Abenduaren 19an, DBHko ikasleen txanda izango da, goizez eta arratsaldez. Abenduaren 20an, 10:30etan, Batxilergoko ikasleen eukaristia ospatuko da, kasu honetan, borondatezko asistentziarekin. Abenduaren 22an Gabonetako Kontzertua izango da San Ignacio Elizan, arratsaldeko 20:00etan. Hala ere, ospakizunik esanguratsuena abenduaren 23koa izango da. Egun honetan, Ikastetxeko Elkarte osoa batzeko helburuarekin, jada tradizionala den Eguberriko Eukaristia egingo da San José de la Montaña Elizan arratsaldeko 19:00etan.

Gabonak familian eta lagun artean gozatzeko egunak izateaz gain, Jainkoaren Semeak dakarren itxaropena zabaltzeko egunak dira. Honek hausnarketarako bideak zabaltzen dizkigu, gure inguruan dugun errealitatearen kontziente eginez, konpromisoz jokatuz eta hainbat beharretan daudenei eskua luzatuz. Ildo honetan, ikasleek hainbat proiektu solidario abian jarri dituzte.

  • LH: Caritas – Hotzaldi eta UPG-TopaGros proiektuetan lan egingo dute. Ziklo bakoitzeko ikasleek gauza desberdinak ekarriko dituzte (janaria, arropa, higiene produktuak…) ikastetxeko pasabidean jarri dituzten zuhaitzen azpian uzteko.
  • DBH: Maratoi Solidarioa (abenduaren 23an). Kirola, tailerrak eta jarduera ludikoak batzen dituen ekimena da. Helburua Ikasleak autokudeatzen eta besteentzako ekintza bat antolatzen ikastea da, euren ikasketa prozesuaren protagonista bilakatuz. Honez gain, gizarte-bazterketaren inguruan kontzientzia hartzea eta laguntzeko jarduerak martxan jartzea bilatzen du maratoi solidarioak. Jasotako dirua eta materialak (galtzerdiak, azpiko arropa, berokiak, motxilak) Laguntza Etxeari emango zaizkio.
  • BATX: 3. urtez, Afari Solidarioa antolatuko dute 2. Batxilergoko ikasleek (abenduaren 22a). Kalean bizi diren pertsonekin afaltzeko ekimen hau errealitate desberdinak ezagutzeko aukera paregabea da, aurreiritziak baztertu eta esperientzia berri bat bizitzeko aukera, alegia.
  • Honez gain, Alboan-ekin elkarlanean, Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainaren baitan, ekimen berezi bat antolatu dute ikasleek. Ildo honetan, mugikor berrien erosketaren inguruan hausnartzeko bidea ireki dute, industria honek ezkutatzen duen gatazkaren berri emanez. Honez gain, mugikor zaharrak birziklatzeko ekimena jarri duten martxan ikastetxeko gune desberdinetan mugikorrak uzteko kaxa batzuk kokatuz.
  • Azkenik, DBHko 2. zikloko ikasleek eta Batxilergoko ikasleek, Caritas erakundearen alde duela 10 urte Gros auzoan antolatzen den TopaGros janari bilketan parte hartuko dute, abenduaren 17an. Groseko Pastoral Barrutiak antolatzen duen ekimen honi esker, egun osoan zehar bildutako elikagaiak urtean zehar auzoko behartsuenen artean banatzen dira.

Ekimen guzti hauekin, Jesuitak Donostian mundu hobeago bat eraikitzeko bidean agurtu nahi dugu 2016a eta, ikastetxearen izenean, zuei ere berdina egiteko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Eguberri on!