Parisko Inaziotar Bideari esker, lehenengo Batxilergoko ikasleok gure gizartean dauden ezberdintasunak ikusi ahal izan ditugu.

Abenduko zubian Parisen beste aurpegi bat ezagutzeko aukera izan dugu; pertsona aberatsen alboan neurriz kanpoko pertsona behartsuak eta baztertuak bizi diren aurpegi bat. Gure gizartean dauden kontraste ezberdinak ikusi ondoren eta egoera hauek hobetzen laguntzeko egin dezakegunaren inguruan hausnartu ondoren, aurrerago kontatzen joango garen ideia eta proiektu ezberdinak bururatu zaizkigu, Donostian bizi diren errefuxiatuekin antolatutako topaketak adibidez. Topaketa hauetan plan ezberdinak burutu genitzake, zerbait hartzera joatea, beraiekin paseatzea, kirolen bat egitea, eta abar.

Egiaren bilaketako egunkaria:

  • 1. Eguna:

Asteazkenean erronka berri batekin esnatu ginen frantziar hiriburuko aterpetxe batean: Lafayette Galerien inguruan aurkitzen genituen etxe politei, luxuzko kotxeei eta baliozko objektuei argazkiak atera behar genizkien. Bazkalostean hain distiratsua ez zen leku bat ikusi ahal izan genuen Holokausto Juduko Museoa (Shoah) bisitatzera joan ginenean. Baina aurpegirik ilunena iluntzean ikusi genuen, 18 auzoa bisitatu genuenean. Auzo hau, Parisen immigrazio gehien duen auzoa da eta bertan ikusitako guztiak hiriaren atal honek duen ikusezintasunaren gainean hausnartzera bultzatu gintuen.

  • 2. Eguna:

Ostegun goizean bezperan egindako hausnarketatik abiatu ginen eta bi errefuxiatu ezagutzeko plazera izan genuen. Eurekin konfiantza lantzeko ariketa ezberdinak egin genituen, baita antzerki-tailerra ere Kendrick miragarriarekin. Beranduago, Marcela ezagutu genuen, SRJ-ko (Errefuxiatuen Zerbitzu Jesuita) kudeatzaileetako bat, eta Welcome integrazio programak nola funtzionatzen duen azaldu zigun berak. Ondoren ideia-zaparrada hasi zen eta ekimen ezberdinak irten ziren, abenduaren 22an ospatuko den afari solidarioa esaterako. Afari hau Batxilergoko 1 eta 2.mailako ikasleok antolatuko dugu eta etxerik gabeko pertsonekin partekatuko dugu.

  • 3. Eguna:

Ostiralean Sorbonako Unibertsitatea, Santa Barbarako Ikastetxe Nagusia, Santiagoko Dorrea eta Latindar Auzoa bezalako leku Inaziatarretatik ibilbide bat egin genuen. Horrela Loiolako Inazioren bizitza apur bat hobeto ezagutu ahal izan genuen. Arratsaldean Sacre Coeur-era joan ginen, eta margolarien auzotik paseatu ondoren eukaristia txiki bat egin genuen Saint Étinne-ko kaperan, Jesusen Lagundiko sehaska denean. Beranduago, Sèvres-ko kaperara itzuli ginen eta egun guztian zehar bizitzako guztia errepasatu genuen, baita guztiarengatik eskerrak eman ere. Amaitzeko, SJR sarearekin inprobisatutako afari batean parte-hartu genuen errefuxiatuekin eta haien harrera familiekin batera. Gau-ekitaldia amaiera aproposa izan zen gure bidaiarentzat, eurekin hizketaldi eta abestiak partekatzeko aukera izan baikenuen.

  • 4. Eguna:

Larunbatean guztia jaso eta Donostiara itzuli ginen, bidaia aparta izan zen zubian bizi izandako guztiaren inguruan hausnartzeko. Mundua benetan nola dagoen ikusi genuen; jendeak nahiago duela begiak itxita bizi begiak ireki eta errealitateari aurre egin baino, besteentzako zerbitzuan bizi baino. Bidegabekeriaz beteta dagoen gizarte honek laguntza eskatzen du oihuka eta inork ez du bere mezua entzuten. Baina guk bai, guk entzuten dugu, eta behar horiei erantzuteko proiektu bat garatzea erabaki dugu. Errefuxiatu Proiektuarekin 4. DBH-n eta Batxilergoan laguntzeko prest dauden ikasle guztiak bildu nahi ditugu gure hondar-alea ematen hasteko. Joango gara apurka aurrerapen gehiago ematen eta parte-hartzera animatzen zaituztegu!
Marta Sanz Aizpiri, 1. Batxilergoko ikaslea