Eskola Kiroletako Festa eta Maratoi Solidarioa

Larunbat honetan, abenduak 22, egun handia izango dugu ikastetxean. Gabon garai hauetan urtero egiten dugun moduan, aurten ere iritsi da Eskola Kiroletako Festa ospatzeko unea. Aurten gainera, are handiagoa egingo dute eguna Arrupe Elkarteko Arrupe Enborra taldeko kideek (DBH 3 eta 4), ikasturte honetako ekintza solidario gisa aukeratu duten Maratoi Solidarioaren bitartez.

Goizeko 9:00etan hasiko da Eskola Kiroletako Festa eta arratsaldeko 17:00ak arte, ikastetxe ezberdinetako 350 bat ikasle saskibaloian, futbolean eta boleibolean arituko dira, azken une horretan finalen garaia izango delarik. Jarraian mailaz-mailako ordutegiak.
> horarios-futbol-2018
> horarios-basket-voley-2018

Kirol Festak ikastetxera erakarriko duen jende andana gogoan hartuta, Arrupe Enborrako kideek “Rastrillo solidarioa” antolatu dute Apyma eta UNICEF-en laguntzarekin. Goizeko 9:00etan hasi eta iluntzeko 19:00ak bitartean, gazteek bigarren eskuko jostailu, liburu, disko eta antzerakoak salduko dituzte kirol-instalazioetan. Era berean, txosna solidarioa era jarriko dute ikastetxean eta interesa dutenentzat kontzientziazio tailerrak eskainiko dituzte.

Jakina denez, Arrupe Elkarteak San Ignacio ikastetxean eskaintza ebanjelizatzailea jorratzen du, besteak beste, ikasle zein familien artean ekimen solidarioei erantzunak emateko. Antolatutako “Rastrillo Solidarioa” horren adibide da eta UNICEF-ena den “Gotas para Niger” proiekturako dirua lortzea du helburu.

Ekimen hau antolatzeko, hiruhileko guztian zehar lanean aritu dira ikasleak ekimen sozial ezberdinak aztertuz. Begiraleen laguntzarekin UNICEF-ekin harremanetan jarri ziren eta ur edangarria edukitzearen garrantziaz jabetuta, jardunaldi guztian zehar lortutako dirua “Gotas para Niger” proiektura bideratzea erabaki zuten.

Proiektu honen bitartez ur putzuak eraikiko dira Nigerian gaixotasun eta heriotzak ekiditeko asmoz.
Era berean, gazteak elkarrekin egoteko, egungo errealitate globala eta bertakoa ezagutzeko eta protagonismo aktibo bat izateko aukera paregabea izango da biharkoa.

Ekintza guzti hauekin Jesuitak Donostian urtea mundu hobeago bat eraikiaz agurtu nahi dugu, eta ikastetxetik zuei ere horretan parte-hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gabon zoriontsuak izan ditzazuela!