Gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen nazioarteko eguna ospatzen da. Honen harira, gure 1º batxilergoko ikasleek orain dela aste batzuk klaseko Change proiektuan egindako lana nabarmendu nahi dugu.

Batxilergoan lantzen den Change proiektuak, kultur aniztasuna aztertzen du, horren kausetan sakonduz eta gizarte bidezkoago, bihozberago eta interkulturalagoa eraikitzeko ekimenak proposatuz. Aurten, hizkuntza, filosofia eta erlijioa ikasgaien arteko lankidetza proiektua izan da, eta errefuxatuen eta etorkinen errealitatea landu da.

Batxilergoko Ikasleek, ALBOAN Fundazioa eta SJMrekin batera, errealitate hau aztertu eta honen inguruko ausnarketa landu zuten gutun baten bitartez. Bertan, familia etorkinek etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak agerian utzi nahi izan zituzten, maizterrak aukeratzeko orduan pertsonek dituzten portaera eta aurreiritziak kontuan hartuta eta bere herrialdea utzi behar izan duten pertsonen azalean jartzeko helburuarekin.

Hemen, gure ikasle baten gutuna eredu gisa:

Guraso agurgarriak,

Maria naiz, gutun hau idazten dizuet pisuaren alokairua dela eta. Jakin badakit, bi aukera dituzuela, Donostiar familia bat eta Siriar familia bestea. Uste dut familia aukeratzeko orduan nik ere zerbait aporta dezakedala. Hori dela eta, gutun hau zuei idaztea erabaki dut. Dakidanez, bi familiak egoera desberdinekoak dira. Siriar familiak beste herrialde batean du bere jatorria, hori dela eta, zailagoa suertatuko zaie Donostian etxea aurkitzea. Beraien bizitza berreraikitzen ari dira, Donostian zerotik hasten ari dira.

Etxea egokitzeari dagokionez, bi familiekin objektiboak izan behar zarete. Jakingo duzuenez, pertsonak aukeratzeko orduan gizakiak subjektiboak gara eta aurreiritziak ditugu.

Dena den, askotan itxura ez dator bat pertsonaren izaerarekin. Siriar familia ondo ezagutzen saiatzeko eskatuko nizueke, beraien historia eta lehen zuten bizitza ez dakigu eta dakizuenez herrialde horretan egoera latza bizitzen ari dira. Nire ustez, iritsi zaie ordua babesa lortzeko eta leku batean gustora egoteko. Are geahiago, Siriar familiak ez du hemen bere gainontzeko familia, ezta lagunak ere. Bakarrik daude eta momentu hauetan laguntza eskeintzea, ezinbestekoa dela iruditzen zait. Familia batek bere jatorrizko herrialdetik ihes egiten badu, han jazarpenak jasotzen ari direnaren adierazgarri izan daiteke. Gainera, beste pertsona guztiak bezala, herrialde honetan babesa eta bizitzeko eskubide berdinak dituzte.

Ukaezina da bi familiek aukera berdinak izan behar dituztela. Dena den, Siriar familiari Donostian aukera gutxiago eskeintzen dizkiotela esango nuke, gure gizartean aurreiritzi ugari daudelako eta arrazista delako. Hortaz, Siriako familiak zailago izango du beste bizileku bat aurkitzea Donostiako familiarekin alderatuz. Beraiek Donostiara aukera berrien bila etorri dira, beraien bizitza berregitera etorri dira, egoera horiek oso zailak dira eta asko eskertuko lukete laguntza eta bizilekua eskeintzen dizkieten familia bat aurkitzea. Ez dut uste bidezkoa denik beste leku batean jaio izateagatik (kontuan hartuz pertsonok ezin dugula aukeratu non jaiotzen garen), larru kolore desberdina izateagatik, erlijio desberdina izateagatik, kultura desberdina izateagatik edota hizkera desberdina izateagatik pertsonak zuzenean baztertzea, ezaugarri horiek ez dituztelako definitzen. Pertsonak anitzak, desberdinak eta errepikaezinak gara.

Horretaz gain, familia honen historia eta beraien bizitza ezagutzeak gurea aberastu dezake, gauza berriak ezagutuko genituzke, errealitate berriak. Gure errealitatea oso ona da, beste herrialde batzuekin alderatura. Gure errealitatea errazagoa dela uste dut, gure bizitzan gauzak errazagoak direlako. Familia honi lagundu diezaiokegu gure errealitatea bizitzen, guk ditugun baliabideak izaten eta Donostia ezagutzen. Haien gidari izan gaitezke, hiria erakusten eta gure kulturaren ohiturak erakusten. Nire ustez, asko eskertuko lukete. Beraiei etxea emateaz gain, lagungarriak izaten saiatzea, eta pisuan ez ezik, Donostian ere eroso sentitzen laguntzea.

Espero dut erabakia hartzeko orduan esandakoa eta aipatutakoa kontuan hartzea, eta Siriar familiari aukera paregabe hau ematea.

Eskerrik asko, Ama eta Aita.