DBH 3, Goazen!

Hemen duzue DBH3ko ikasleek Euskararen Egunaren baitan egin zuten bideokliparen aurkezpena!
Euskararen Eguna ospatzeko asmoz, DBH3ko ikasleek Goazen telesail ospetsuaren bideoklipa grabatzeko proposamena luzatu zuten ikasgelan. Esan eta egin! Ideaz gain, ikasleek kamera hartu, antzeztu eta bideoaren edizio guztia egin zuten. Hona hemen emaitza!

Zorionak!

DBH 4ko ikasleak Elkarbizitzetan dabiltza Getarian

Aste honetan DBH 4.mailako ikasleak Elkarbizitzetan murgildu dira. Getarian kokatutako egonaldi hauetan ariketa eta taldeko dinamika ezberdinen bidez, ikasleen garapen integrala sustatzea bilatzen da. Elkarbizitzak ekimena Pastoral proiektuaren baitan garatzen da.

Ekintza honen helburu nagusia gazteek beren burua hobeto ezagutzea da, gertatzen zaiena irakurtzen eta antzematen ikastea, horrela, beren bizitzako gertaera eta erronka ezberdinen garrantzia neurtzen ikas dezaten era berean erronka horiek gainditzeko gaitasunak bereganatuz. Orotariko erronkak planteatzen dira Elkarbizitzetan, familiakoak, lagun artekoak edota akademikoak.

Era berean, ikaskideen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea bilakatzen da egonaldi hau, ikasleak beraien artean irekitzen direlako, barnekotasuna eta sentimendu zein emozioen kudeaketa landuaz.
Auto-ezagutzaren lanketa honetan Jainkoaren presentzia garrantzitsua izaten da. Izan ere, Jesus beraien barnean eta bere lagunengan ere badagoela ulertzen dute gazteek.

Atzo A gelaren txanda izan zen, gaur D gelari egokitu zaio Getariara gerturatzea eta ostegun eta astelehenean B eta C gelaren txanda izango da.
img_5652
img_5653

DBH 1eko 60 ikasleen oilotegia!

Txio Txio proiektuaren baitan DBH 1eko 60 ikasle proiektu bidezko formakuntzan murgildurik egon dira azken astean zehar.

Ikasturteari amaiera ematen ari garen honetan, Venezuelako Aita Gumilla ikastetxeari laguntzeko ekimen bat lantzearen erronka luzatu genien DBH 1eko ikasleei 3 helburu nagusirekin:

  • Ikasleek eginez ikastea.
  • TBL (Thinking Based Learning) metodologia erabiltzea.
  • Proiektu baten garapenean murgilduz elkarlana sustatzea.
  • Laguntzeko konpromisoarekin Venezuelako Aita Gumilla ikastetxerako proiektu bat lantzea.

DBH 1eko ikasleek oilategi baten proiektu pilotua lantzeko proposamena egin zuten, Txio Txio proiektua. Horrelakoa izan da ikasleen lana ekimen honen barnean.

Proiektuaren garapena

Proiektua ikerketa lanekin hasi zen. Aita Gumilla ikastetxea ezagutzea ezinbestekoa zen proiektu egoki bat lantzeko, hortaz, hori izan zen beraien lehen eginbeharra. Honez gain, oilategi bat eraiki nahi bazuten, ezinbestekoa zen animalia hauen bizitza zikloan murgiltzea, beraz, horretan ere jardun ziren gazteak. Azkenik, proiektua aurrera eraman ahal izateko aurrekontu desberdinak aztertu zituzten eta proiektuaren garapenerako behar zituzten baliabideak zerrendatu zituzten.

Testuingurua aztertu ondoren eta proiektuaren bideragarritasuna mahai gainean zutela, eskulanean hasteko unea iritsi zen. Taldeka 2 maketa handi prestatu zituzten Venezuelako Aita Gumilla ikastetxean oilategi bat eraikitzeko proposamena landuz.

dav
Horretan ari zirela, eta Jesuitak Donostian ere oilategi bat eraikitzeko ideiari jarraituz, ikasleak zuzendaritza taldearekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Zuzendaria den Amaia Arzamendiri gutun bat idatzi zioten Loiolaetxean oilategi bat eraikitzeko eskaera eginez. Zuzendaritzaren erantzuna? Aurrera!

Egun bat nahikoa izan zen ikasleak buru-belarri jarri eta Loiolaetxean oilotegia eraikitzeko! Zalantzarik gabe, inplikazioa eta ilusioa nahikoak dira ekimen bat aurrera eraman nahi bada halaxe izan dadin! Eta dagoneko baieztatu dezakegu ikasleek lan bikaina egin dutela, izan ere, jada lehen arrautzak jaso dituzte!

Txio Txio proiektua abian da eta orain helburua proiektuari jarraikortasuna ematea da. Dagoeneko irailean martxan jartzeko hainbat ideia bueltaka dituzte ikasleek. Lehenik eta behin, urtero Venezuelako Aita Gumilla ikastetxeko Victoriak egiten digun bisitan, proiektu honetan egindako lana aurkeztuko diote. Honez gain, bilketa solidario bat egiteko asmoa ere badute ikasleek. Azkenik, oilategiaren garapena bermatzeko, atzetik datorren taldeari, hau da, 2017-2018 ikasturtean DBH 1en egongo direnei, lekukoa pasako zaie. Hemendik aurrera beraiek izango dira Txio Txio proiektuaren arduradun.

Lan bikaina!