3 eguneko jardunaldia Jesusen Lagundiko hezkuntza sarea indartzeko

Uztailaren 12an Amaia Arzamendik, Jesuitak Donostiako zuzendariak, ikastetxeak eraldatzeko bidean lidergoak duen garrantziaz hitz egingo du ikastetxean bizitako esperientzian oinarrituta.kastetxe Jesuiten berrikuntza gai nagusitako bat izango da Educsi-ren 33. Jardunaldietan.

Uztailaren 11, 12 eta 13an Educsiren 33. Jardunaldiak ospatuko dira Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Elkargune honetan Espainia eta Portugaleko Jesusen Lagundiko 73 unibertsitate aurreko eta Lanbide Heziketako hezkuntza erakundek hartuko dute parte. Topaketak 3 helburu nagusi izango ditu.

• Ikastetxeen arteko sarea sustatzea.
• Lan egiteko eremuei eta ezagutza partekatzeko espazioei bidea ematea.
• Berrikuntza eta misioaren inguruan hausnartzea.

Jardunaldiari hasiera emateko Antonio España, sj, Aita probintzialak agurra egingo du. Lagundiaren hezkuntza komunitatera zuzentzen den lehenengo aldia izango da uztailaren 8an Aita Probintzial gisa karguaz jabetu ondoren.

Magdalenok, Zaragozako El Salvador Ikastetxeko zuzendariak, izango du Educsi Jardunaldietan landuko den lehenengo gaia aurkezteko ardura, astearte goizean, uztailaren 11an. Magdalenok ikastetxe jesuitek duten hezkuntza misioaren testuinguruan berrikuntzak izan behar duen lekua kokatzeko marko proposamena luzatuko du. Egun horretan, arratsaldez, berrikuntza honen baitan irakasleen rola aldatzeko gakoak azalduko dituzte Huelvako SAFA ikastetxeko zuzendaria den Eduardo Vizcaínok eta Colegio Claver de Raimat-eko DBH-ko 2. Zikloko zuzendariak, Minerva Pocelek.

Bigarren egunean, uztailaren 12an hain zuzen ere, saioa Amaia Arzamendik, Jesuitak Donostiako zuzendariak, eta Iván Mirónek, Vigoko Apóstol Ikastetxeko zuzendariak eskainiko dute. Tarte honetan Jesusen Lagundiko Ikastetxeak eraldatzeko lidergoaren inguruan arituko dira. Arratsaldean kultur-ekintzak egiteko eta hiria bisitatzeko denbora izango dute jardunaldira bertaratu direnek, besteak beste, Guggenheim edota Arte Ederretako museoak, Getxoko Zubi Esekia, Bilboko parte zaharra edota paseoa ontzian Bilboko itsasadarrean barrena.

3. egunean, uztailaren 13an, goizean zehar berrikuntza prozesuen kohesioaren inguruan hitz egingo da. Andrés García Indak, Zaragozako El Salvador ikastetxeko zuzendari ohiak dinamizatuko duen espazio honetan ondorengo pertsonek parte hartuko dute: Bilboko Colegio Ntra Señora de Begoñako Lehen Hezkuntzako zuzendaria, Maialen Herran; Madrileko Padre Piquer Trebakuntza Zentruko berrikuntza, hezkuntza eta orientazio zuzendaria, Gregorio Casado; Las Palmas-eko DBHko zuzendaria, Mª Isabel Doreste; eta, Oviedoko San Ignacio Ikastetxeko zuzendaria, Luis Ordóñez.

Elkarrizketa honen ondoren, jardunaldira bertaratu direnek Educsiko zentroetan martxan jarri diren hezkuntza berrikuntzen inguruan esperientziak partekatzeko aukera izango dute, 9 gune pedagogikoetan. Jardunaldien azkeneko hitzaldia Javier Gil Ojedak, Trilema Fundazioko Trebakuntza eta Berrikuntza zuzendariak eskainiko du, ostegun arratsaldean.

33. Jardunaldiak DeustUko Unibertsitateko klaustroan eskainiko den itxiera-afariarekin amaituko dira. Educsik antolatzen duen topaketa honek Deustuko Unibertsitatearen, Universidad Pontificia de Comillas-en, SMren eta Loyola Komunikazio taldearen laguntza jasotzen du.

TBL metodologian irakasleak ikasle

Ikastetxeko 50 hezitzaile TBL (Thinking Based Learning) formakuntzan murgildurik daude jada. Orain 5 hezitzailek hasiko dute metodologia honetan prestatzaile edo Coach izateko prozesua.

Thinking Based Learning metodologian trebatzeko prozesua iaz hasi genuen Jesuitak Donostian. 25 hezitzailek dagoeneko prozesua amaitu dute eta jada 25 hezitzailez osatutako 2. taldeak ekin dio formakuntzari.
Orain ikastetxean apustu berri bat egin dugu, izan ere, otsailaren azken astean, ikastetxeko 5 hezitzailek hasiko dute Thinking Based Learning metodologian Coach izateko trebakuntza. Urrats berri honen helburua, metodologia ikastetxe osoan ezartzeko bideari jarraitzea da, pixkanaka- pixkana hezitzaile talde osoa tresna berri honetan trebatuz, hau da, eraldatzeko eraldatuz.

Baina, zer da Thinking Based Learning metodologia? Regina Aricetak, ikastetxeko proiektu arduradunak, bideo honetan azaltzen ditu TBL-aren nondik norakoak.

 

Nolakoa izango da hezkuntza 2050. urtean?

Odisea kateak gaur botako du gure ikastetxean grabatutako “Etorkizuneko Ikastetxeak” dokumentala. Saio hau Planete+ kate frantsesak ekoiztutako Rêver le futur (Etorkizuna Amestu) programaren kapitulu bat da.


Etorkizuneko ikastetxeen inguruko hausnarketa sustatzea helburu duen kapitulu honetan, hezkuntza-berrikuntzaren alorrean erreferente diren hainbat pertsona agertzen dira, besteak beste, Ken Robinson, Sugata Mitra edo Matthieu Ricard (Dalai Lama-ren bozeramailea). Era berean, Stanfordeko Unibertsitateak eta City of London School ikastetxeak ere parte hartu dute dokumentalean.

Amaia Arzamendi: “Dokumentalean agertzea sorpresa bat izan da; eta gainera, hezkuntzaren munduan onenak direnengandik hurbil egoteko aukera bat ere bai, ikasten eta hobetzen jarraitzeko aukera, alegia”.

Dokumentalean agertzen diren testigantzek diotenaren arabera, etorkizuneko eredu pedagogikoan ikaslea izango da bere ikasketa prozesuaren protagonista. Eredu berri honek nahitaez bultzatzen du irakaslearen rolaren eraldaketa. Ken Robinsonen hitzetan, “hezitzaile on batek badaki ikasketa on bat bermatzeko argibideak ematea beharrezkoa dela. Hala ere, honekin batera, kontuan izan behar du umeei kuriositatea pizten, helburuak ezartzen, enigmak planteatzen, ikasleak deskubritzera sustatzen, batak bestearengandik ikasten, jakintzak eta ideak partekatzen eta euren irtenbide propioak asmatzen irakatsi behar diela”.

Matthieu Ricard-en, Dalai Lamaren bozeramailearen iritziz, “hezkuntza ez da ontzi bat betetzea; hezkuntza sugarra piztea da. Haurrak euren existentziarako grinez betetzea da, euren erronkak bete eta lortzera bultzatzea, alegia”.

Gure ikastetxeak dokumentalean izan duen parte-hartzea, 2010ean martxan jarri genuen proiektu teknologikoari eta, gaur egun, ikastetxean gauzatzen ari garen eraldaketari estuki lotuta dago.

Amaia Arzamendi: “Dokumental honetan agertzea ‘Jesuitak Donostia’ proiektuan lanean jarraitzeko ilusio txutea da. Gure erronka XX. mendeko irakaskuntza-zentru bat izatetik XXI. mendeko ikasketa-zentru bat izatera iristea da. Modu honetan bakarrik bermatuko dugu gure ikasleen gaitasuna mundu hobeago bat eraikitzeko; bidezkoagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa eta bihozberagoa.”
Dokumentalaren emisioa: egunak eta nola ikusi[/dtitulo

  • Asteartea, 29/11/2016 20:38
  • Asteazkena, 14/12/2016 18:59
  • Asteazkena, 21/12/2016 13:01

Non ikusi:

  • Movistar+
  • Vodafone TV
  • Orange TV
  • Euskaltel